XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Portaera haiek ikusita esan du orduan Swami guruak, nori bururatuko zitzaion Hama Krishna mundura jaitsitako jainkotasuna izan zitekeela?

Hasieran jendeak zorotzat hartu zuen, baina gero profeta gisa ibili zen luzaroan eta, urteen poderioz, ekarpen handiak egin zizkion Indiari, oso barne egoera kezkagarrian zegoen garaian.

Esaterako, ordura arte borrokan aritzen ziren taldeak erlijioaren inguruan batzea lortu zuen, emakumeentzat gutxieneko duintasuna ekarri zuen eta, agian inportanteena, berari esker britainiarren eraginez sortu zen materialismoarekiko zaletasuna uxatu egin zen neurri handi baten.

Hama Krishnaren bizitza tarteka serio eta tarteka irribarrez laburbiltzen jarraitu du Swamik.

Amaitutakoan, ordea, seriotasuna berreskuratu eta, denoi begira, gai horren inguruko azken konklusioa azaldu du:

- Baliteke gaur egun gure inguruan Hama Krishnaren antzeko pertsonak egotea, baina inor gutxik onartuko du oraingo gizartean, gehienbat Mendebaldean, pertsona horiek profetak edo jainkozko izakiak izan litezkeela.

Jendeak zorotzat hartuko ditu eta ez die ia inork sinetsiko, bizi garen garaian gauzak sinesteko ikusi, ukitu edo frogatu egin behar baitira.

Guruak, azken hitz hauek esan ondoren, isilaldia egin du.

Hortik gutxira, saioa amaitzeko ordua zela adierazi digu, eta guztizko ustekabean harrapatu nau abisuak, ordu eta erdia ia konturatu barik pasatu baitzait.

Bukatzeko, bere laguntza eskaini digu eta, berriz ere, umorearen sena erakutsi du:

- Baten batek nirekin berba egiteko gogoa badauka, nire gelara etor daiteke gaur arratsaldean.

Hiruretatik bostetara libre egongo naiz edonori laguntzeko.

Dena dela, ondo pentsatu zer galdetu behar didazuen etorri aurretik, eta ez egin joan den astean ashramera bisita egin zigun ingeles gentleman hark bezala.